2010/05/07

Oinetakoak: ez dezatela gure osasuna zapaldu

Erosoak izan behar dute zapatek, funtzionalak eta orpo edo takoi txikikoak. Eroso ibiltzea eta bizkarrezurra zaintzea da helburua, eta lunbalgiak eta ornoetako artrosiak saihestea

Ez bihotza eta ez garuna: mekanikari erreparatuz gero, oina da gure gorputzeko atalik konplexuena. Goi mailako ingeniaritza-lan bat dela esan liteke: 26 hezur, 33 artikulazio, 19 muskulu eta 100 zain baino gehiago ditu, eta noranahiko ibilgailurik inon bada, oina da noranahikoena, edozein gainazaletara moldatzeko gai eta milaka kilometro egiteko gauza. Egunaren buruan, 8.000 eta 10.000 pauso artean ematen ditu pertsona batek, eta urte osoan, beraz, 3 milioi baino gehiago. Eta urrats horiek behar bezala egin ezean, osasuna jarriko dugu okerbidean.